martes, 13 de mayo de 2014

Minecraft DBH3 Teknologia ikasgaian

DBH3 mailako bi taldeekin, esperimentu gisa, Minecraft  jokoa erabiliko dut. Minecraft jokoa munduak eraikitzeko joko bat da. Bertan zerotik hasita jokalariak baliabideak bildu eta lanabesak sortu behar ditu bizirik irauteko eta bere ingurunea eraldatzeko. Egia esateko, nik jokoa ez dut ia ezagutzen baina nire zenbait ikasle bai, beraz adituak dauzkat. Eta aditu hauei protagonismoa izatea ondo etorriko zaie euren klaseko ekosisteman euren tokia hobetzeko.
Nire helburua bikoitza da, alde batetik ikasleak modu sortzaile batean lan egiten jarri nahi ditut, euren artean jokoaren funtzionamendua ikertuz, eta eraikinak, makinak eta tresnak asmatuz modu libre batean. Bestetik Lankidetzaz baliatuz zenbait konpetentzia landu nahi ditut.
Momentuz, talde batetan lehenengo saioarekin hasi gara eta ingurunea esploratzen ibili dira, hurrengo asterako helburu batzuk finkatuko ditut. Epe ertainean, zerbitzari propioa muntatu nahi dut, ikasleak mundu berdinean lan egiteko eta horrela elkarrekintzak sortzeko. Lehenengo urratsetan laguntzeko ikastolako moodle plataforman bideo tutorial batzuk jarri dizkiet eta zalantzetarako foro bat zabaldu dut.

Bi erronka nagusi dauzkat, alde batetik zerbitzari bat martxan jartzea mundu propioak sortzeko, bestetik ikasleen gehiegizko zaletasuna kontrolatzea, ez dakit zein izango den zailagoa. Agian euskarazko bideo- tutorial batzuk ikasleei eskatuko diet ebaluazio tresna gisa, ikusiko dugu... 

martes, 2 de octubre de 2012

Taldeka erabakiak hartzen II




Aurreko ikasturtean esan bezala, taldeka erabakiak hartzerakoan horren ebaluazioa burutuko dugu. Egia esateko, ikasleek burutuko dute. Talde bakoitzean zerbait komunean jarriko duenean kanpo behatzaile batek horren jarraipena egingo  du, Behaketa txantiloiaren laguntzaz. Aurten behaketa egin eta gero behatzaileak behatutako ikasleei bere ebaluazioaren  berri  emango die, zertan hobetu behar duten jakin dezaten. Aldaketa honen bitartez behaketa batetik bestera hobekuntza egotea ahalbidetzea da.
Behaketa sistema hau etapa osora zabalduko dut, DBHko lau mailetan, ikaskidetza taldeetako metodologiarekin batera. Behaketa txantiloian  aldaketa txiki batzuk egin ditut, alde batetik lana hobeto identifikatzeko, gero eta kopuru handiagoak erabiliko ditut, bestetik ebaluazioaren kuantifikazioa ahalbidetzeko eta errazteko. Baten batek hobekuntzarik proposatzen badu, poz-pozik jasoko ditut.

martes, 18 de septiembre de 2012

2012-13 Ikasturterako aurreikuspenak




2012-13 ikasturtea  hasi da eta aurten aurrekoan hasitako aldaketa eta hobekuntzekin jarraitzeko asmoarekin nabil. Pasa den urtean, modu esperimentalean, ikaskidetza  taldeen proiektuan sartu nintzen nire DBH 2. Mailarekin frogatuz. Izandako arrakasta ikusita DBH maila osora hedatzeko erabakia hartu dut, ikasgai osoa horren inguruan antolatuko dut. Horrekin batera SCRUM metodologian sakontzen jarraituko dut maila guztietan inplementatuz. DBH 4. Mailarako proiektu berezi bat prestatzen hari  naiz robotikaren inguruan First Lego League dela eta. Proiektu horretan ikaskidetza, robotika, informatika eta teknologia alorrak eta enprendizaia uztartu nahi ditut. Ikusiko dugu hortik zer aterako den...
Bide batez aurreko urteko ikasleen siteen garbiketa egin dut, beraz ez dira eskuragai egongo, egia esateko pena eman dit baina site pilo bat dira eta beraietatik mugitzea oso konplikatua egiten zait. Aurten horren inguruan ez dakit zer egingo dudan, interesgarriak ikusten badituzue publikoak egingo ditut...

viernes, 25 de mayo de 2012

Sprintaren bukaerarako hobekuntzak, berdinen arteko ebaluazioa

Ikaskidetza taldeetako mintegian entzundako esperientziak aztertu eta gero, eta bertan aipatutako zailtasunak onurak, konponbideak... kontuan izanik, datorren urterako sprint bakoitzaren bukaeran taldekideen arteko koebaluazio saio bat antolatzea bururatu zait. Saio horretan sprintean  taldekide bakoitzak izan duen inplikazio maila eta izandako jarrera aztertu eta bakoitzak agertutako indarguneak eta ahulguneak identifikatze aukera izan dezakegu. Hori egin eta gero taldekide bakoitzari hurrengo sprintean betetzeko hobekuntza helburu pertsonalak taldeak zehaztu ahal dio, helburu horien lorpena hurrengo sprintaren bukaeran ebaluatuko da.
Guzti honen helburua taldeen funtzionamendu egokia ahalbidetzea da, sarritan taldekide batzuen inplikazio maila ez da behar bestekoa izaten eta beraz jarrera eta partaidetza ebaluazioaren bukaeran soilik ebaluatzea ez da oso eraginkorra izaten. Kasu horietan ebaluazioa punitiboa izaten da, eta bere momentuan aldatu daiteken jarrera bat beranduegi bideratzen da. Honetaz gain, ikasleari bere partaidetzaren inguruko feedback-a lanean dabilen bitartean ematen badiogu, bere alderdi onak eta hobetu beharreko aspektuak argi azalduz, eta hobetzeko aspektuak identifikatu eta bideratu egiten baditugu hurrengo sprintean hori hobetzea ahalbidetuko dugu.
Hau martxan jartzeko taldeko jarduna ebaluatzeko jarduera bat prestatu beharko dut, informazio bilketa trenaren batekin. Prozesu honetan hainbat konpetentzia orokor lantzen direnez honen behaketa oso interesgarria suertatu daiteke. Agian kanpo behaketa bat oso aproposa izan daiteke ikasleak prozesuaz hobeto jabetzeko. Argi dago honen inguruan hausnarketa sakona egin beharko dudala, baina aukera ugari eskaintzen ditu hainbat konpetentzia garatzeko eta ebaluatzeko.

martes, 10 de abril de 2012

Taldeak erabakiak artzen: lessons learnt

Aurreko sarrera batean Taldean erabakiak artzeko prozesuaz haritu nintzen, bereziki prozesu hori ebaluatzeko moduaz eta horretarako erabiltzen dudan txantiloia aipatu nuen. Txantiloi hori jadanik erabili dut DBH1 eta DBH2 eta errealitatearekin bere lehenengo kontaktua gainditu du.
Lan proposamenaren azterketa eta horren inguruko hausnarketak funtzionatu du, bereziki bigarren unitatean prozesua errepikatu dugunean eta behatzaileak euren lana nahiko ondo bete dute. Ikasleak euren jardueran behatzailea egotean euskararen erabil dute %100, aldiz antzeko ekintza behatzailerik gabe burutu dugunean euskararen erabilera txikiago izan da. Aztertu beharrekoa, the big brother effect izango da? 
Aurretiazko diseinua taldean erabakitzerakoan entzute aktiboa ziurtatzea ezinbestekoa da. Horretaz gain, taldekide bakoitzak beste taldekideek proposatutako ulertu behar du eta kasu bakoitzean modu kritiko batean aztertu eta bere indargunek eta ahulguneak zehaztu behar ditu, proposamen horri hobekuntzak bilatu behar dizkio  eta proposamena egin duen ikasleari feedback egokia eman behar dio.
Baina, bada ikaslea hori zuzenean bere kabuz egiteko? nire kasuan momentu honetan ez. Prozesu hori ahalbidetzeko, eta bereziki entzute aktiboa eta hausnarketa, errebisio kritikoa eta feedback-a ahalbidetzeko ikasleei txantiloi hau prestatu diet.
Txantiloi horretan ikasle bakoitzak beste ikasle baten aurretiazko diseinuaren azalpena entzuten eta gero jasotako azalpenaren laburpentxo bat idatzi behar du, entzute aktibo hori ziurtatzeko. Eta proposamena modu kritiko batean aztertzen laguntzeko, proposamen horretan dauden indarguneak eta ahulguneak zerrendatu behar ditu. Hori egin eta gero proposamena luzatu duenari feedback egoki bat emateko proposamen horri hobekuntzak proposatu behar dizkio.
Momentuz lehenengo mailan frogatu dut behaketa egin barik, eta hurrengo beterako prozesu horren behaketa bat burutu beharko dut. Horretarako Taldeko erabakiak hartzen behaketa txantiloia

miércoles, 22 de febrero de 2012

Proiektuen aurkezpen publikoa

Pixkanaka-pixkanaka DBH3. mailako 1. unitateko proiektuan bukatzen hari gara. Proiektuak klasean aurkezteko momentua hurbiltzen hari da. Aurkezpen publiko hori ebaluatzeko asmoa daukat. Horretarako ebaluatu beharreko alorrak finkatu nahi ditut. Proiektuaren aurkezpena egiteko erabiliko dugun tresna Googleko aurkezpenak izango da. Aurkezpenaren euskarria lankidetzaren bitartez sortu dezakete eta egindako lanak berrikustea nahiko  erraza da. Dena-dela nire helburu nagusia ez da aurkezpenak egiteko tresnaren erabilera neurtzea, tresna baliabidea besterik ez da, landu nahi ditudan konpetentziak eta trebeziak komunikazioarekin lotuago daude Hauek neurtzeko errubrika bat prestatu beharko dut. Errubrika prestatzeko ikasleen partaidetza erabiliko dut.
Ikasleei TED talk pare eta agian Key noteren bat jarriko dizkiet, aurkezpen arrakastatsu batzuk ikusi ahal izateko. Gero ikasleekin batera aurkezpen hori arrakastatsua egin duten aspektuak identifikatuko ditugu eta zerrendatuko ditugu eta hortik ebaluazio tresna bat sortuko dugu. Horretarako ikusi beharreko bideoak aukeratu behar ditut eta ideia nagusiak zerrendatzen laguntzeko dokumentu bat prestatu beharko dut.
Ikasleen aurkezpenak grabatzeko asmoa dut, grabazioaren laguntzaz ikasleek euren lanak lasaitasunez ebaluatzeko aukera izango dute eta horrela indarguneak eta hobetu beharreko puntuak antzeman izateko gai izango dira. Ikusiko dugu zer ateratzen den emendik.

martes, 10 de enero de 2012

EVALCOMIX-ekin trasteatzen


Gaur Evalcomix-ekin serioski trasteatzen ibili naiz eta nire eguneroko lanean erabiltzeko modukoa den aztertu dut. Momentuz bi ebaluazio tresna frogatu ditut, kontrol zerrenda eta errubrika. Bi ebaluazio tresna horiek sortu eta gero moodleko ariketa batean txeratu ditut eta irakaslearen ebaluazioa, autoebaluazio eta koebaluazio aukerak frogatu ditut. Nire sentsazioa oso ona izan da. Tresnak sortzeko pantaila pixka bat gogorra egin zait, baina dakarren laguntza nahikotxo lagundu dit. Moodlerekiko integrazioa aldiz oso fina da, problemarik gabe eskuratzen dira ebaluazio tresnak irakasle moduan eta ikasle moduan ere. Taldeko ebaluazioekin lan egite ezinezkoa egin zait ez baitaude talderik sortuta, nik sortu ditut hiru beraien moodlean baina ikasle bakarra egonik, erabiltzeko moduko ikaslea, ezin izan dut modu sakonean taldeen arteko ebaluazioa aztertu.
Kontrol zerrenda modu azkarrean sortu dut, betetzeko prozesua oso erraza izan da eta emaitza momentuan bertan lortu dut, kalifikazio eta guzti. Errubrika sortzea, behin mekanika menperatu eta gero, nahiko erraza izan da. errubrikaren laguntzaz ebaluazioa betetzea oso azkarra eta erosoa izan da, bere emaitza ere bat-batekoa izan da. Orain arteko sistemarekin konparatuta, hau da errubrika Googleko dokumentu batean argitaratu eta moodlen txeratu, Googleko galdetegia sortu, moodlen lotura eskegi, ikasleak bete eta gero kalkulu orrian egin beharreko sukaldaritza lan guztian buru... ez dago alderatzerik. Evalcomix rocks!
Sakondu beharko du, bereziki beste aukerak aztertu baina horren inguruko lobbya egiten buru-belarri jarriko naiz ikastolan, fijo.
Honekin trasteatu nahi izan ezkero http://evalcomix.uca.es/index.php/demo.html bertan frogarako moodle plataforma erabili dezakezue eta ariketak sortu, ebaluazio tresnak sortu eta erabili ditzakezue. Nik sortutako ebaluazio tresnak eta frogak DBH2 teknologia 2. Unitat2a  atalean topa ditzakezue ariketetan txertaturik. Ebaluazio tresnak  1.Sprintaren kontrol zerrenda eta Proiektuaren txostena ebaluatzeko errubrika dira. Casablancan esaten zuten bezala:

lunes, 9 de enero de 2012

Sprinten kudeaketa

DBH2Bko ikasleekin 2. unitatearekin hasi naiz. Unitate honetan garaje baten atea diseinatu eta eraikiko dugu. Jadanik lehengo Sprinta martxa daukagu. Egia esateko oporrak baino lehen abiatu zen. Aurrekoetan bezala hiru asteko esprinta izango da eta aste honetan bere ekuatorera iritsi gara. Beti bezala moodlen sprint honetako helburuak zerrendatu ditut. Helburu hauek honakoak dira:
  • Lan proposamena aztertu.
  • Arazoa identifikatu eta deskribatu.
  • Aurretiazko diseinua zehaztu.
  • Material lortu.
  • Proiektuaren basea eta orma eraiki..
  • Atearen forma eta funtzionamendua zehaztu.
Gure sprintaren bukaeran Demo bat egingo dugu eta talde bakoitzak gelari egindako lana azalduko die eta izandako zailtasunak eta hauek nola gainditu dituzten. Sprinta bukatu ondoren taldekide bakoitzak bere taldearen sprinteko helburuen lorpena ebaluatuko du kontrol galdetegi baten laguntzaz. Galdetegi horretan egin beharreko bakarkako ariketak, taldeko ariketak eta egin beharreko azalpenak agertzen dira. Kontrol zerrenda honen helburua ikasleek lana autorregulatzen laguntzea da. Ikasleak sprinta bukatzerakoan berak eta bere taldeak helburuen lortutako betetze maila aztertuko du eta hurrengo sprintean hobeto ibiltzeko aukerak  identifikatuko ditu. Kontrol zerrenda hori moodlen jarriko dut ikasleek eskura ditzaten.
 Bete eta gero ikasleek feedbacka moodleren bitartez eskuratuko dut.

miércoles, 14 de diciembre de 2011

XP eta Scrum metodologiarako kudeaketa tresnak

XP eta Scrum metodologiak teknologiako proiektuen kudeaketarako tresna interesgarriak dira. Aurreko ikasturtean teknika horiekin trasteatzen hasi nintzen eta egia esateko baliagarriak direla ematen du. Teknika hauetan proiektuak kudeatzerakoan zenbait poster eta post-it eta txantiloi beharrezkoak dira eta teknologia gelan horiek guztiak izatea eta talde desberdinak bertatik pasatzerakoan nahiko konplikatua izan daiteke. Beraz hauek ordezkatzea tresna digital batekin ezinbestekoa egiten zait. Sarean trasteatzen Agile Tools delako webgunearekin topatu naiz.Bertan zenbait gestore desberdin agertzen dira, beraiekin lanean jartzen saiatuko naiz ea hortik zerbait interesgarria atera daitekeen. Momentuz horiek instalatzea oporretarako entretenimendua izango da...

martes, 13 de diciembre de 2011

Taldean erabakiak hartzen

Talde lanetan zenbait momentutan taldeka erabakiak hartu behar dira. Kasu horietan taldekide bakoitzak bere ideiak besteei azaldu, besteen ideiak entzun eta ulertu eta ideiak kontrajarri behar ditu. Hori hizkuntza komunikaziorako gaitasunarekin lotuta dago, bereziki lagun-taldean ideiak inplementatzeko ideien hautaketa prozesuarekin.
Argi dago konpetentzia hau teknologiako proiektu bat burutzen denean zenbait fasetan lantzen dela, hain zuzn ere honako faseetan bereziki:
  • Lan proposamena aztertzerakoan.
  • Aurretiazko diseinua burutzerakoan.
  • Ondorioak ateratzerakoan.
Kasu bakoitzean ikasleek egin beharreko lana bakarka aztertzen eta burutzen dute , horretarako dokumentu bat erabiltzen dute. Ikasle bakoitzak bere dokumentua moodlera igoko du, horrela hausnarketa hori burutu duela ziurtatuko dugu. Hori egin ondoren taldeka ikasle bakoitzak bere taldeari berak egindako lana azalduko dio. Guztien azalpenak jaso ondoren guztien artean eztabaidatuko dituzte eta dokumentu bat adostuko dute. Dokumentu hori aurretiaz izendatutako idazkari batek jasoko du eta moodlera taldearen izenean igoko du. Prozesu hau burutzen den bitartez beste talde bateko behatzaile batek ikuskatuko du eta taldekide bakoitzaren partaidetza ebaluatuko du. Gero bere ebaluazioa galdetegi batean batuko du. Behatzaileak talde bateko kideak izango dira. Talde hori banatuko da eta taldekide bakoitza beste talde batekin batera jarriko da eta taldearen jarduera aztertuko du taldearekin inolako elkarrekintzarik gabe. Fase bakoitzean behatzailearen rola talde desberdin batek egingo du. Behatzaileen taldeak ariketa bera egingo du, baino kasu horretan irakasleak behatzailearen lana egingo du.
Behaketa hori burutzeko ebaluazio tresna bat diseinatu behar da eta datuak betetzeko tresna horren araberako datu bilketa tresna bat erabili behar da. Ebaluazio tresna errubrika bat izan daiteke, datu bilketa tresna galdetegi bat.
Momentuz froga moduan DBH1 eta DBH2ko taldeetan erabili dut galdetegi esperimental baten laguntzaz, emaitzen arabera ikasleekin errubrika bat adostuko dut eta horren arabera galdetegia doituko dut. Agian datu bilketarako txantiloi azkar eta bisual bat garatu beharko dut behatzailearen lana errazteko eta gidatzeko. Hori hobekuntzetarako geratzen da. 






martes, 8 de noviembre de 2011

Secuencias Didacticas Digitales con LAMS


Secuencias Didacticas Digitales con LAMS Garatuko ikastaroa egiten hasi naiz, eta egia esateko oso itxura ona du. LAMS ez nuen sakonki ezagutzen eta berarekin izan dudan lehen kontaktua oso ona izan da.
Orain arte Moodle erabiltzen ibili naiz eta egia esateko oso tresna potentea da. Ebaluazio sistema sendoa du eta ikastaroaren kontrola ahalbidetzen du, zer, nork noiz eta noiz arte zehaztea erraza da. Moodlek ordea lanak sekuentziatzea ahalbidetu arren ez da oso txukuna horretan, egia esateko bere itxura  pixka bat sovietikoa da. Moodlen sekuentzia didaktikoa jarraitu egiten daiteke baina ariketen fluxua eta antolamendua sarritan ez da erraz antzemanten.   LAMSen ordea sekuentzia didaktikoak zuzenean diseinatzen dira plataforman bertan eta beraz ariketa eta pausu bakoitza sortzerakoan ikasleak egingo duen ibilbidea zuzenean ikusiko dugu, horretaz gain ikasleak ere sekuentzia hori bistaratzeko gai izango da. Horretaz gain sortutako sekuentzia didaktikoak erraz argitaratu eta partekatu daitezke, horretarako errepositorio publikoak daude.
Ikastaroan momentuz LAMSerako sarbide bat ikusi dugu eta sekuentzia didaktiko bat diseinatzen hasi gara bertan agertzen diren elementu desberdinekin trasteatuz.
Nire lehen sentsazioa sinpletasuna izan da. Interfasea nahiko sinplea da, elementuen konfigurazioa erraza da, aukera eta tuneatzeko gauza gehiegirik gabe. Dirudienez,  ez da beharrezkoa ezaguera tekniko sakonak izatea eta beraz martxan jartzea oso erraza da. Sakontzen dugunean ikusiko dugu noraino konplikatu daitekeen.
Moodlekin integratzea posiblea da beraz LAMSekin egindako sekuentziak orain erabiltzen dudan moodlearekin erabiltzeko aukera badago.

viernes, 28 de octubre de 2011

Educar en tecnología

Urriaren 27an, Deustuko Unibertsitatea n Telefonica Catedraren eskutik Educar en tecnologia jardunaldiak burutu ziren. Bertan Urruneko laborategien inguruko bi aurkezpen ikusteko aukera izan genuen.  Oportoko Goi Mailako Ingeniaritza  Institutuko Gustavo R. Alvesek Los laboratorios remotos: experimentación a distancia aurkeztu zuen. Urruneko laborategiak definitu ditu, euren arkitekturaz mintzatu da eta euren erabilera didaktikoaz hausnarketa egin du. Deustuko Unibertsitateko Javier G. Zubiak Laboratorios remotos sociales: movilidad, redes sociales, entornos inmersivos aurkeztu zuen. Deustuko weblab-a aurkeztu zuen eta baliabide horren erabilera didaktikoari buruz hitz egin zuen bertan dauden baliabideak erabiliz. Ondoren, La importancia de la “experimentación activa” en el aprendizaje mahinguruan urruneko laborategiak eskaitzen dituzten aukera pedagokikoei buruz hitz egin zen. kaferako etenaldia eta gero Lauro Ikastolako Borja del Riok ¿Qué aprenden los niños programando ordenadores? plazaratu zuen. Borjak Lauro ikastolan Scratch eta Lego WeDo erabiliz ikasleekin programazioa landu du eta Scratch Egunean izandako esperientzia aberasgarria partekatu zuen. Strelia Technology Serviceseko Jesús Ángel Brabok Camps Tecnológicos: programación y robótica en verano plazaratu zuen udo honetan egindako teknologiarekin loturiko kolonien inguruko esperientzia azalduz. Bukatzeko Cátedra Telefónica – Deustoko Pablo Garaizarrek Aprendizaje y videojuegos hitzaldia eman zuen. Hitzaldi honetan jokoen eta ikasketaren arteko erlazioak erronkak eta arriskuak garatu zituen. Orokorrean oso jardunaldi interesgarriak izan dira, parte-hartzaile desberdinek baliabide eta aukera didaktiko berriak gure esku jarri dituzte modu erakargarri eta zuzenean. Datorren urtearen hasieran jarraipena izango dute, nik posible izan ezkero, errepikatuko dut.

miércoles, 5 de octubre de 2011

DBH3A Taldeak martxan

DBH3A teknologiako taldeen blogger-eko blogak eta siteak martxan jarri ditut. Aurreko kasuan bezala siteak egiteko txantiloi hau erabili dut. Txantiloi hori publikoa egin dut, edozeinek kontsultatzeko moduan egoteko. Talde desberdinen blogak hauek dira:
http://bythefaceak.blogspot.com/
http://isjak.blogspot.com/
http://geldiezinak.blogspot.com/
http://gaiaiak.blogspot.com/
http://nahietaez.blogspot.com/
Erabilitako txantiloia sarrera dinamikoena da, ikusiko dugu ea ikasleak gustuko duten eta ea egingo dugun erabilerako egokia den.

martes, 4 de octubre de 2011

DBH2 teknologia eta lankidetza taldeen proiektua

Pasa den ikasturteko bukaeran Mondragon Unibertsitatearen laguntzaz ikastolaren lankidetza proiektuan sartu nintzen. Teknologia lankidetza taldeetan garatzen den ikasgaia da, beraz proiektua parte hartzea zerbait naturala da. Proiektu honetatik zer espero dut, konpetentzien bitarteko ebaluaziorako trantsizioa egiten laguntzea. Unibertsitateko adituen laguntza benetan interesgarria izan daiteke.
Orain arteko ereduetan ez dut horren inguruan gauza handirik topatu. Momentuz ze konpetentzia neurtuko ditudan erabaki behar dut, horretarako oinarrizko konpetentziak aztertzen nabil, ikasgaiko konpetentzia espezifikoak euskal kurrikulumean aztertu ditut eta egia esateko ez dut gauza handirik eskuratu. Eusko jaurlaritzaren dekretua aztertuko dut berriro ere eta ea bien artean zerbait argitzea lortzen dudan.

DBH3B Taldeak martxan

2011-12 ikasturteko DBH3B taldeko siteak eta blogak martxan jarri ditut. Sitea egiteko txantiloi bat sortu dut eta horrekin talde guztien siteak sortu ditut. Blogak egiteko Blogger erabili dut, talde bakoitzaren blogaren jabea ni naiz eta ikasleak idazleak dira. Ikasleei gonbidapenak postaz bidali zaizkie. Horrela blogak euren posta.gazbi.net kontuarekin lotuta dago.
Blogaren ikuskera dinamikoa esleitu dut, ikusiko dugu ea zelako itxura duen, desegokia izan ezkero itxura klasikoago batera bueltatuko gara. Egia esateko ez dakit itxura klasikoak taldearen logotipoa jartzeko aukera ematen duen, ikusiko dugu. Taldeen blogak hauek dira:
http://t35taldea.blogspot.com/
http://papafritak.blogspot.com/
http://teknoadvance.blogspot.com/
http://postereviento.blogspot.com/

martes, 24 de mayo de 2011

Eskola 2.0 ordenadoreak teknologiako eguneroko jardueran

Eskola 2.0 ordenadoreak teknologia ikasgaia garatzeko tresna ezinbestezkoa bilakatu dira. Ikasleen eguneroko jardueran txeraturi daude. Alde batetik ikasgaiaren ardatza, ikasgaiko moodle ikastaroa, erabiltzeko balio dute. Ikasleak egin behar dituen ariketak, erabilgarriak izan daitezken baliabideak eta bere ibilbidearen ebaluazioren berri izateko tresna du. Bestetik proiektuak egiterakoan informazio iturri eta dokumentazio eta kudeaketa tresna da. Proiektua diseinatzeko informazioa eta ideiak eskuratzeko oso tresna baliagarria da. Proiektuan egindako lana dokumentatzeko eta eta lanaren jarraipena egiteko talde bakoitzaren googleko sitea aurrera eramateko balio du. Bai moodle bai siteekin ikasleek ikastolan edo etxean lan egiteko bidea dute, eta lan kolaboratiboa egitea ahalbidetzen dute, bereziki google apps tresnak. Ebaluazioa egiterakoan siteetan jarritako lanak ikasle guztien esku jar daitezke eta horrela koebaluazioa errazten da. Koebaluazioa bideratzeko errubrika eta googleko galdetegia erabiltzen dut, datu bilketa errazten du eta informazioaren trataera erraza ahalbidetzen du.

Eguneroko scruma

Egunero, klase bakoitzaren hasieran eguneroko scruma egiten dut. Horretarako klase barruan, tailerrera joan aurretik ikasleak taldeka jartzen ditut eta euren proiektuaren egoerari buruzko galdetzen diet. Nola dago? zer falta da? zer egingo duzue gaur? galdera sinple hauek euren lana enfokatzeko  nahiko lagungarriak dira. Galderak modu azkar eta informal batean egiten ditut, guztiak zutunik egonda. izatez oso azkar bukatzen dugu, iraupen laburrekoa izanik. Bukatu eta gero tailerrera jotzen dugu eta talde bakoitza bere proiektuarekin lanean jartzen da.

jueves, 5 de mayo de 2011

Bigarren sprinta

Scrumekin trasteatzen jarraituz, lehenengo sasi-sprinta egin eta gero, eta aurreko sprintaren balorazio txiki bat eginda, bigarren sprinta martxan jarri dugu. Egia esateko, benetako scrumetik nahiko urrun nago momentuz. Horian arte egindako gauza bakarra lana sprintetan banatzea izan da. Srum bakoitzean proiektuaren pila ikasleekin zehaztu dut eta scrumaren bukaeran sasi-demo bat egin dugu. Eguneko scrumak egitea talde bakoitzarekin ezinezkoa izan da, denbora faltagatik. Etorkizunari begira, hau da, datorren ikasturtean proiektua hasi baino lehen proiektuaren pila zehazten saiatuko naiz, horrela histotirako puntuak kalkulatzeko eta sprint bilerak patxadaz antolatzeko.

Momentuz scrum master eta proiektuaren ugazabaren papera betetzen nabil, etorkizunean scrum masterraren lana agian ikasleei pasatzeko ahukera egon daiteke, baldin eta sistema ezagutzen duten. Hori ikusi beharko da. Lanaren jarioa kontrolatzeko arbelak eta postitak erabiltzea nahiko zaila ikusten dut, lan esparrua hainbat taldek erabiltzen dute eta, agian zerbait digitala eginda... ikusiko dugu
Sprint honetan burutu beharreko lanak hauek dira:
  1. Ateraren sistema elektrikoa diseinatu
  2. Sistema elektrikoaren elikadura eraiki.
  3. Martxan jartzeko eta gelditzeko sistema diseinatu.
  4. Martxan jartzeko eta gelditzeko sistema diseinatu.
  5. Atea mugituko duen motorea lortu.
  6. Atea mugitzeko sistema diseinatu.
  7. Egun bakoitzean taldearen egunkaria bete.
  8. Proiektuaren jarraipena erabili lan desberdinak kudeatzeko.

martes, 3 de mayo de 2011

Lehenengo Sprintaren balorazioa

Hiru aste pasatu eta gero, hirugarren asteko azken orduan talde bakoitzaren egoeraren aurkezpen publiko ez formala burutu dugu. Emaitzak orokorrean positiboak izan dira. Ikasleen esanetara helburu finko batzuk izateak lagungarria izan da. Dena dela, talde guztiek ez dute lortu bere helburu guztiak burutzea.
Aurreko esprintean ez genituen prioritateak zehaztu eta agian horrek enfokatzea zaildu du. Agian hurrengo sprintetan horren inguruan zerbait egin beharko genuke. Honetaz gain lanaren ebaluazioa ere aztertu beharreko alor bat bada. Agian sprint bakoitza bukatzerakoan taldekideek euren lana ebaluatu beharko zuten modu ez formal edo formal batean. Modu ez formalean demoan egin daiteke, baina agian sprintaren lanen betetze mailaren inguruko zerbait interesgarria izan daiteke...

martes, 12 de abril de 2011

Lehenengo Sprint-a

DBH2 Teknologiako bi taldeekin SCRUM metodologiarekin trasteatzen nabil. Ikasleek ikasgaian garatzen dituzten proiektuak antolatzeko erabiltzen hari naiz. Momentuz pilak eta sprintak erabiltzen hari naiz. Oporren bueltan lehenego sprintaren demoa eta erretrospektiba burutuko dugu. Momentuz proiektuak enfokatzen laguntze digu ikasleei eta baita niri ere.
Lehenengo sprinta hiru astekoa izango da eta pilan hauek dira bete beharreko lanak:
  1. Lan proposamena aztertu taldeko sitean sartu.
  2. Bakoitzaren aurretiazko diseinua burutu, taldeari aurkeztu eta sitean marrazkia eta azalpena jarri.
  3. Taldearen aurretiazko diseinua erabaki, marraztu eta azalpenarekin batera sitean sartu.
  4. Atea eutsiko duen egitura eraiki.
  5. Egun bakoitzean taldearen egunkaria bete.
  6. Proiketuaren jarraipena erabili lan desberdinak kudeatzeko.