viernes, 25 de mayo de 2012

Sprintaren bukaerarako hobekuntzak, berdinen arteko ebaluazioa

Ikaskidetza taldeetako mintegian entzundako esperientziak aztertu eta gero, eta bertan aipatutako zailtasunak onurak, konponbideak... kontuan izanik, datorren urterako sprint bakoitzaren bukaeran taldekideen arteko koebaluazio saio bat antolatzea bururatu zait. Saio horretan sprintean  taldekide bakoitzak izan duen inplikazio maila eta izandako jarrera aztertu eta bakoitzak agertutako indarguneak eta ahulguneak identifikatze aukera izan dezakegu. Hori egin eta gero taldekide bakoitzari hurrengo sprintean betetzeko hobekuntza helburu pertsonalak taldeak zehaztu ahal dio, helburu horien lorpena hurrengo sprintaren bukaeran ebaluatuko da.
Guzti honen helburua taldeen funtzionamendu egokia ahalbidetzea da, sarritan taldekide batzuen inplikazio maila ez da behar bestekoa izaten eta beraz jarrera eta partaidetza ebaluazioaren bukaeran soilik ebaluatzea ez da oso eraginkorra izaten. Kasu horietan ebaluazioa punitiboa izaten da, eta bere momentuan aldatu daiteken jarrera bat beranduegi bideratzen da. Honetaz gain, ikasleari bere partaidetzaren inguruko feedback-a lanean dabilen bitartean ematen badiogu, bere alderdi onak eta hobetu beharreko aspektuak argi azalduz, eta hobetzeko aspektuak identifikatu eta bideratu egiten baditugu hurrengo sprintean hori hobetzea ahalbidetuko dugu.
Hau martxan jartzeko taldeko jarduna ebaluatzeko jarduera bat prestatu beharko dut, informazio bilketa trenaren batekin. Prozesu honetan hainbat konpetentzia orokor lantzen direnez honen behaketa oso interesgarria suertatu daiteke. Agian kanpo behaketa bat oso aproposa izan daiteke ikasleak prozesuaz hobeto jabetzeko. Argi dago honen inguruan hausnarketa sakona egin beharko dudala, baina aukera ugari eskaintzen ditu hainbat konpetentzia garatzeko eta ebaluatzeko.