martes, 13 de mayo de 2014

Minecraft DBH3 Teknologia ikasgaian

DBH3 mailako bi taldeekin, esperimentu gisa, Minecraft  jokoa erabiliko dut. Minecraft jokoa munduak eraikitzeko joko bat da. Bertan zerotik hasita jokalariak baliabideak bildu eta lanabesak sortu behar ditu bizirik irauteko eta bere ingurunea eraldatzeko. Egia esateko, nik jokoa ez dut ia ezagutzen baina nire zenbait ikasle bai, beraz adituak dauzkat. Eta aditu hauei protagonismoa izatea ondo etorriko zaie euren klaseko ekosisteman euren tokia hobetzeko.
Nire helburua bikoitza da, alde batetik ikasleak modu sortzaile batean lan egiten jarri nahi ditut, euren artean jokoaren funtzionamendua ikertuz, eta eraikinak, makinak eta tresnak asmatuz modu libre batean. Bestetik Lankidetzaz baliatuz zenbait konpetentzia landu nahi ditut.
Momentuz, talde batetan lehenengo saioarekin hasi gara eta ingurunea esploratzen ibili dira, hurrengo asterako helburu batzuk finkatuko ditut. Epe ertainean, zerbitzari propioa muntatu nahi dut, ikasleak mundu berdinean lan egiteko eta horrela elkarrekintzak sortzeko. Lehenengo urratsetan laguntzeko ikastolako moodle plataforman bideo tutorial batzuk jarri dizkiet eta zalantzetarako foro bat zabaldu dut.

Bi erronka nagusi dauzkat, alde batetik zerbitzari bat martxan jartzea mundu propioak sortzeko, bestetik ikasleen gehiegizko zaletasuna kontrolatzea, ez dakit zein izango den zailagoa. Agian euskarazko bideo- tutorial batzuk ikasleei eskatuko diet ebaluazio tresna gisa, ikusiko dugu...